Iruñean egoera zaurgarrian dauden migratzaileei zuzendutako formakuntza zerbitzu berria aurkeztu dute, Open izenekoa, eta apirilean jarriko dute martxan Fiteroko Monasterioa kaleko udal lokaletan. Egitasmoaren helburua da parte hartzaileen gizarteratzea eta lan inklusioa erabat sustatzea, autonomia pertsonala indartzea eta haien erregularizazio administratiboa bultzatzea. Proiektua Iruñeko Udalak sustatu du, Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen Ministerioarekin eta Nafarroako Kutxa fundazioarekin elkarlanean, eta Koine Aequalitas elkarteak kudeatuko du. Gehienez 45 lagunek parte hartu ahalko dute aldi berean, lau eta zortzi hilabete arteko ibilbide pertsonalizatuen bidez. Zortzi profesional espezializatuk lanbideei lotutako ikastaroak eskainiko dituzte, batez ere elektrizitate, garbiketa eta energia berriztagarrien arloetan; horrez gain, gaztelania eskolak, aholkularitza juridikoa eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea ere emanen dituzte.


